abere arte palindromoa

Oso adi abere arte:


Larreko adarreko kilkerra barreka; 

orro mamutak, orro mozolok,

esna otso herotsak ia biziro haziz, 

arratoi zaharra te zurrupa. 

Olio zopa «kolkolokolomoko»! 

Irri zirri, azti harro, harra apal, 

ia biraka lakarra kanta kitarratik at, 

nakarra kalakari bai lapa arra. 

Horra hitza, irriz irri: okomolokoloklok! 

Apoz oiloa purru! 

Zetarra hazi, otarra ziza horiz, 

ibai kastore hostoan seko lo, 

zomorro, katu, mamorro.

Akerra barre klik! okerra da.

Okerra letra ere bai da oso.

Bazen behin, duela milaka urte, harmonian bizi zen abere-arte zoriontsu eta mutu bat. 

Bat-batean, aberetxoek bertsoak asmatu zituzten belarrientzako eta abereek abezeak sortu begientzako; astoak hotsak eta atsotitzak amilotsak; hitzak zimitzak eta izkirak hizkiak; beleak ele berriak eta harrak ele zaharrak; igelak alegiak, alegia; ipurtargiek ipuin argiak eta izkiratzarrak izkirimiri barregarriak; kantuak koroan katuak eta kakatuak; koral piloak korapiloak, perpausak pinpilinpausak eta zaldiak esaldiak; liburuak zapaburuak eta trikuak haikuak. 

Kondairak antzeztu, mitologia marraztu, abenturak bizi eta idatzi, animalien artean lagun edo etsai plantak bete, gizakiaren lepotik barre egin eta haren belarriak eta begiak  entretenituak izateko.

Beraien neurriko mundua sortu zuten, hazkundea espiral simetrikoan oinarritua zuena eta abereek abestearen abestuz aberasten zutena. 

Goroldioarekin adostuta, manifestu bat idatzi eta sinatu zuten. Munduko lehen idatzia izan zen hura; hobeto esateko, lehen eta bigarren idatzia. Izan ere, bi norabidetan irakur baitzitekeen, aurrekoz atzera zozo, foka eta moxalak eta atzekoz aurrera, karramarro, saguzar eta lapak. 

Ipuin hau gizakiaren etxeko bidean utzi zuten, haren belarriak eta begiak  entretenituak izan eta haren lepotik barre egiteko. Eta oraindik ez du ezertxo ere ulertu.

Abere ba liburuan biltzen dira abereek sortutako munduaren ondorenak, ondoren beste norantzan irakurri daitezkeenak.