errotulagailuak, belarrondokoak eta bale urdinak
Errotulagailu beltza hartu eta haren puntatik ateratzen den lerroan jarri du arreta guztia. Hain gustokoa du lerro ilun fin haren atzetik begiak eramatea, momentu batez goizeko istripuaz ez dela gogoratu ere egiten. Ezta bekokian duen minaz ere. Ez ere txikitan ikastolan jasotako belarrondokoetaz.
Larousse entziklopedia berde ilun haundi hartan irakurri zuen bale urdinen inguruko sarrera oroitu du. Zetazeo ezberdinen koloretako ilustrazio ederrak zituen, aparteko papaer lodiago batean inprimatuak. Betidanik maitatu izan zuen bale erraldoi haiek marraztea. Ingerada fin zehatz baten atzetik pasatzen zituen orduak. Lerro bakoitzaren okerdura txikiena ere obsesio bihurtu zitzaion hamar urte zituela. Oraindik xehetasun txikietan tematzen da. Batzuetan bertute, bestetan amets gaizto bihurtutako doaia.