gure rolak eta rolloak zalantzan jartzen
Kontatu digute Tandem-ean azkarrago joan daitekela. Baina aurreratu ahal izateko sinkronizatu egin behar. Desposando 2003 urtean Eva Franco argazkilariarekin eginiko kolaborazio proiektua da. Testua berriz, 2003an argitaratu genuen katalogotik moldatutakoa da.
intuizio intelektualizatuak
Eginez egin, orduak iragaten ditugu, sormen eremu eta ekintza berrien bila. Garaiko irudimen sinbolikoan arakatuta, eguneroko jarrera, ideia, irudi eta objektuak hartu eta horiek estetikan islatuta intuizio iheskorren bertsio intelektualizatuak sortu. Bueltaka batera eta bestera, gora eta behera. Zehazgabetasunean murgildutako gauza konkretuek, narrazio linealik gabeko zerbait kontatzen dute.

you and me and you and me and you
Gure bidaia ere ez da lineala. Abiadura guztiz azkarra da eta gelditzeak desoreka sortzen du. Eta desira gauzak kontatzea eta entzutea dela uste genuen, (in)komunikazioaren garaiaz jardutea, zu gabeko ni bat existitzen ez deneko komunikazio egintza nabarmentzea.

Information
Information hitza bilatu dugu sarean. Guztira 8.080.000.000 emaitza. Bilaketak 1,5 segundu iraun du.
Norabide bat aukeratu beharko da. Baina mobileko zure deiek eta bideko kartel, pantaila, iragarki, seinale, edukinontzi eta publizitate panelek, sarritan nahasten gaituzte eta bidegorritik desbideratu.

you and me and you and me and me
Eta gure inguruneari geroz eta zeinu gehiago eransten dizkiogu gure kezkak adieraziz: gertukoaren pertzepzio murrizketa; urrunekoaren gertutasuna; komunikazio teknologien eskutik datorren denbora eta espazioaren mugak desagertzearen utopia; duela 15 urte idatzitako idatzi honen iraungitze-data; gizarte zatiketa dakarren nahitazko inkomunikazio politikoa; itzulpen mekanismoek bideratutako borondatearen manipulazioa; esfera publikoaren mediatizazioa; sareak ematen duen kritika estetikorako aukera; boterearen esku dauden mediek eragindako identitate zatiketa, komunikabide berriekin sor eta birsor daitezken hamaika nortasunak, gaur Kant, bihar Heidi; aisialdiaren kulturaren mezuetan gordetako erotismoa; mezuari gainjartzen zaion kanala; pertsonarteko ezintasunak harremanetan ; komunikazioan oinarritutako aldaketa prozesuak, alderdien arteko hutsune izugarri somaezina; errealitateaksor ditzaken errepikapenak: zoriontsua naiz, zoriontsua naiz, zoriontsua naiz,…

muga
Muga harrapatu nahian, guzti hau eta gehiago hitzetan jarri, aztertu eta sintetizatzen degu, forma eta zentzu berriak erantsiz. Zirrikituek, bitarterik arinenek, aldaketa ahalbidetzen duten lekuek erakartzen gaitu. Eremu ezezagun hori zeharkatzeak, jostaldiak eta estuasunak nahastera garamatza. Larritasunak objekturik ez duela sinisten dugunez ordea, gure bidaian ez dugu etsiko.
