Gutuntxoriak

eskuinetik ezkerrera zein ezkerretik eskuinera berdin irakurtzen den hitz edo testua

Liburuzain otzana. Ornitologia liburu ilustratu ederra esku artean. Sartu du jertse azpian. Behatz luzeak. Hainbat urtetan liburuak mugitzen egonagaitik luze. Artaziak maneiatzeagaitik agian. Liburuzainak badu eta afizio bitxia. Zaletasun bitxia baino, obsesio zurruna. Ez dago argi zaletasun bitxi eta obsesio zurrunaren arteko muga. Di-da ebakitzen ditu liburu zaharretatik usapal, txolarre, arrano, zein martin arrantzaleak. Paperezko taxidermista konpultsiboa. Liburu ilustratuak lapurtu. Paperezko-txori-ehiza-gogoa asetu nahian. Afizio bitxia. Obsesio zurruna.

Badu beste afizio obsesiboren bat. Zakar artean aintzinako gutunak bilatu. Zakarretako arkeologo ilustratua bera. Gutunak aparte batean gorde. Gero irakurtzeko. Gutunazalak bestetik.

 Zerbait esateko borrokan zeuden pertsona sentikor baina adierazpen zailekoen letren zorroak. Eskuz idatziriko gutunen azalak. Elkarbanatu gabeko egi korapilatuen epidermisak behatz luzeen artean. Luma puntan geratutako hitzen ordezko. Paperean trabatutako sentimenduen oinordeko. Gutunen azal zimurtuak. 

Gutunazalak zimurtuak, txoritxoen gordeleku. Gutunazal, iraganeko erlikiak. Txori bakoitza bere paperezko kabira.

Liburuzainak esan ez zenari ahotsa emateko aukera dakusa gutuntxorietan. Ebakitzen duen txori bakoitzeko, izaki bana askatu. Adierazi gabeko emozioak plazaratu. Txori bana, hitzik gabeko mezu bi. Entzuna izateko txio isila. Obsesio zurruna.

paperezko taxidermista konpultsiboa

esan gabeko egi korapilatuen edukinontziak

luma puntan geratutako hitzen ordezko