Donostiako Orixe Ikastolaren marka diseinu eta grafika
Marka diseinu eta grafika garapen honetan, jolasaren, ikaste prozesuaren, garapenaren eta proiektu bat eraikitzearen ideia nagusitzen da.
Proiektu hau Guraso Elkartearen eskutik jaio zen eta sarean eraikia izan da, hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzearekin eraiki izan da marka diseinu hau.
Orixe Ikastola, Donostiako Parte Zaharreko Oinarrizko Hezkuntzako eskola publikoa da.

Haurrek eraiki dezaketen marka
Paperezko itsasontzia errealitatean eraiki dezakegun objektua da, eskuz egina, honela irudi eta elementu identifikagarria bihurtu da. Papiroflexiazko itsasontzia, irakaskuntzaren metafora ere bada: jarraibideak izanda, irudimenez eta esperimentatuz zerbaiti beste erabilera edo zentzu bat eman diezaiokegu helburutara helduz.

Abentura gogoarekin
2011-2012 ikasturte hasieran, Guraso Elkartearen bileretan, hezkuntza komunitatean modu aktiboagoan parte hartzeko grina agertu zen. Horretarako egitasmo bat proposatu genuen: Orixe Ikastolaren logotipoaren aldaketa, bi helbururekin: komunikazioa hobetu eta Eskola osoaren elkarlan prozesua eraiki.
Irudi aldaketarekin, aurreko logotipoaren esanahi eta erreferentziak oinarrian mantendu nahi izan ziren: eskolaren kokapena, itsasoarekin lotura, komunitate izaera eta Orixe izenak idazleari aipamena. Garrantzia handia eman zaio, logotipoaren ideiaren inguruan sor daitekeen garapenari, duen esperientziarako ahalmena eta aplikazio pedagogikoa dela eta. Bestalde sinplea, argia eta zehatza da, komunikazio aldetik erabilgarritasun handikoa bihurtzen duena. Ttaup, Ttaup!




Komunikazio Sistemaren Helburuak
Irudiak izan zezakeen garapen ahalmenari eman zitzaion garrantzia, honako helburuekin
- Komunikazioa hobetu eta antolatutzeko ikur-grafikoen sistema funtzional, ekonomiko eta arautua lortzea.
- Hezkuntza komunitatea identifikatua sentitzea eta honen identifikagarri bihurtzea, desberdintzea.
- Kanpora eta barrura begira proiektatzen den itxura hobetzea, berritzea eta eguneratzea.
- Taldekide edo partaide izatearen sentimendua indartzea.
- Logotipo eta lerro grafiko berriaren ezarpena: Eskolako barne eta kanpo komunikaziorako paper ofizial guztietan, zirkularretako goiburukoetan, txostenen azaletan, web gunean, blogean, elastikoetan, karteletan…
- Guraso eta ikasleek egindako jarduera, tailer eta aurkezpenak argazki eta bideotan jaso ziren eta blogean eta web gune berrian zintzilikatu komunitate osora heltzeko asmoz.

Bidaian elkarbizitzan lantzeko helburuak
Irudi aldaketa prozesuari berari eman nahi izan zitzaion garrantzia, eramandako dinamikaren bidez bestelako helburuak lortzearren.
- Hezkuntza Komunitate osoaren parte hartzea bultzatzea.
- Elkarbizitza sustatzeko zeharkako talde lana martxan jartzea.
- Eskolako kide eta parte garela sentiaraztea.
- Kide guztiok aldaketa horretan parte hartu dugula sentitzea.
- Proiektu pedagogikoaren parte izatea.
- Konpetentziak garatzeko bide izatea.
Denok batera arraunean, denok lemazain
Curriculumari jarraituz, programazioetan txertatuz joan ziren, itsasontzia eta itsasoa ildo amankomun bezala duten jarduerak, gai ugari zeharka lantzeko asmoz. Ikasturte amaierako jaialdian irudi berria gizarteratu zen.
Irudimenaren itsasoan arraunean
Eskolan, etapa, ziklo eta maila bakoitzean oinarrizko gaitasunak eta konpetentziak garatzeko, esperientzia-eremu eta arlo guztietatik irudimena erabiliz, urrutiago irits gaitezke:
- Ingurunearen Ezagutza: itsasoak, kartografia, izar bidezko orientazioa, barkuen flotagarritasuna, bidai historikoak, garraiobideak, portu eta itsasoarekin lotutako pertsonen bizitzak…
- Arte Hezkuntza: papiroflexia, marraztea, itsasontzia apaintzea, maketak sortzea, euskarritan itsasontzia margotzea, klarionekin lurra itsaso bihurtzea, horma-irudiak…
- Gorputz Hezkuntza: piraguan arraun egitea, belaontzian ibiltzea, igeriketan aritzea, papiroflexia lantzea psikomotrizitate fina garatuz…
- Hizkuntzak: itsasoarekin lotutako abenturazko eleberriak, beste hizkuntzadun herrialdetara alegiazko bidaiak, mezu ezkutuak bidaltzea, istorio edo bertsoak sortzea, abesti bilduma egitea…
- Matematika: papiroflexiaren zehaztasuna, lau hirukiren konposaketa, marrazketa teknikoaren oinarriak…
- Bizikidetzarako Hezkuntza: taldearen antolaketa itsasontzian, ikasgela itsasontzi bihurtuz elkarbizitza-arauak proposatzea, paper birziklapena, gelako arduraduna lemazain izandatzea..