Palindromoen bitxikeriak

Palindromoen bitxikeriak

Palindromoen inguruko hainbat datu eta bitxikeria

Hainbatetan palindromoak hizkuntzan modu naturalean txertatuak daude. Euskaraz horren adibide anitz ditugu, ama, eme, arra, edo zurrumurruz horren adierazle direlarik. Palindromoen inguruko gure ikerketan, zenbait bitxikeri aurkitu ditugu. Ondoko lerroetan horietako aipagarrienak ageri.

Palindromoak eta toponimia

Euskal Herriko hainbat lekuk izen palindromoa dute, Aia, Oko edo Iruri.

Baina ez gera horretan maixu eta badira munduan zehar Ipar Karolinan dagoen Wassamassaw bezalako tokiak, 11 hizki edo gehiagoz osatutako palindromoa dutenak izen moduan.

Munduko hitz palindromo luzeena

Munduko hitz palindromorik luzeena Guinness World Records-en arabera, saippuakivikauppiak da. 25 letra ditu finlandiar hitz honek eta xaboi saltzailea du bere esanahia. Noski, xaboi saltzaile gutxi ibiliko da egun Finlandiako kaleetan.

Munduko esaldi palindromorik luzeenak 

Esan beharra dago, milaka hitz dituzten palindromo luzeek, balio literarioa galtzera jotzen dute, esaldiaren zentzua galtzen doa eta joku dibertigarria diren arren teknika huts bihurtu daitezke.

Ez dago argi zein den esaldi palindromorik luzeena, izan ere gaur egun ordenagailuen laguntzarekin, hitz datu baseak sartu eta programa informatiko bidez palindromo oso luzeak sortu daitezke.

Google konpainian lan egiten duen Peter Norvig estatubatuarrak, 2473 hitzeko palindromo bat eraiki zuen berak sortutako programa informatiko baten bidez. Algoritmo bidez eginiko prozesu automatiko bat denez, poesia eta xarma asko galtzen du. Hemen azaltzen du nola egin zuen pal.py programaren bidez.

1969 urtean, Georges Perec idazle frantsesak, Frantsesez jasotako palindromorik luzeena idatzi zuen.  Le grand palindrome bezala ezagutua, 1300 hitzez (5566 hizkiz) osatua dago eta askoren ustez, joku semantikoa, olerkiaren soinua eta bertan agertzen diren aliterazio eta errimek, poesiaren parean jartzen da lan eder hau. 1000 silabaz osatutako palindromo silabiko bat ere sortu zuen.

Palindromo konpilaziorik handienak 

Konpilazio hauek, dena indexatu nahian egindakoak direnez, nahiko modu mekanikoan biltzen dituzte palindromoak.

Juan Filloy idazle argentinarrak 8.000 esaldi palindromiko baino gehiago argitaratu ditu bere lanean.

Víctor Carbajo musikagile espainiarrak, gazteleraz idatzitako 212.212 palindromo bildu ditu eta bereak omen diren 109.587 palindromo idatzi ditu. Esteka horiei jarraituz, jaitsi daitezke konpilazio hauek.

Palindromoak sortzeko algoritmoak

Esan bezala, gaur egunean gauza gehienen moduan, palindromo sorkuntza  algoritmo bidez automatizatu daiteke. Hemen ikus daitezke zeregin horretan ezaguna den Manacher algoritmoaren funtzionamenduaren azalpenak.
Twitter bertan, badago  @_aibohphobia erabiltzaile izena duen robot bat, #palindrome hitz gakoa jarriz gero, palindromo batekin erantzuten du. 

Palindromo elkarteak

Badago Nazioarteko palindromista Elkartea. Kataluñatik abiatzen den asmoa da, baina munduko hainbat palindromogile elkartzen ditu eta Samagames aldizkaria argitaratzen du 1994tik. Honen inguruan REVER movimiento literarioa sortu da, testu palindromoak literaturan sustatzeko.

The palindromist aldizkaria ere erreferente bat izan da palindormo sorkuntzan dabiltzanentzat. 1996 urtetik  bi urtero argitaratzen da.  Aldizkariaren ale bakoitzak palindromo ugari inprimatzen ditu (letra-unitateak, hitz-unitateak eta bertikalak), palindromoekin lotutako albisteak biltzen ditu eta palindromo ospetsuen idazleak akreditatu nahi ditu.

Aldizkariak, SymmyS Awards antolatzen ditu urteko palindromo lehiaketa. Aldizkari honetako editoreak Mark Saltveit da eta munduko palindromo txapelketa ere antolatu zuen.

Palindromoak zineman

Tomás Lipgot, Neuquén herriko zinegile argentinarraren ¡Viva el palíndromo! (2018) dokumentalak palindromoari omenaldia da, leku ezberdinetako zale eta sortzaileen ekarpenak jasotzen ditu, kontsumo gizarteak baztertzen duen zerbait goraipatzeko: lenguariarekiko maitasuna, hura begiratu, entzun eta harekin jolastea. Lagun artean partekatua den obsesioa (obsesio hori partekatuz topatutako lagunak, alegia). 

Erreferentziak agertzen dira ere zenbait filmeetan: Amantes del círculo polar (Julio Médem, 1998), Palíndromos (Todd Solondz, 2004) Tenet (Christopher Nolan, 2020) filmetan

 

Aibohphobia eta ailihphilia

Badago palindromo zale amorraturik, eta dirudienez, palindromoei beldur irrazionala dienik ere. Dirudienez palindromoen irrazionaltasunean datza gakoa bi kasuetan.

Aibohphobia (“aibofobia”) hitza aipatua agertu zen 1983an Science Digesten beldur honi erreferentzia egiteko, azken aldian sareetan erronka moduan asko agertzen ari dena. Hitz eratorriek aldaera ezberdinak hartuko dituzte, obofobo, abofoba, keibofobiek etab.

Ailihphilia (“ailifilia”, “ainamania” bezala ere ezagutua) 2006an Word Wizarden palindromo zaleenek defendatu zuten. Hau ere desoreka moduan hartu daiteke agian, hala da eta, palindromoak egiten hasiz gero, ezinezkoa da eta bi norabidetan irakurri eta idazteari uztea.